Laburpena: Carmelo Echavek sortutako eta Industria Ordezkaritzak 1952ko ekainaren 4an baimendutako enpresa hau beste industria batzuetarako piezak mekanizatzeko asmoz sortu zen. Hala ere, hasi eta urte gutxira, motorrak egiten ere hasi zen. Zumaian sektore horrek garrantzi handia izan zuen arren, 1958an enpresa itxi, eta instalazioak Talleres Auxiliares Juaristi, S.A. izenekoari saldu zizkioten.
Historia: Industria Ordezkaritzan jasota dagoenaren arabera, enpresari 1952ko ekainaren 4an eman zioten baimena, beste industria batzuetarako piezak mekanizatzeko. Carmelo Echave, pilota munduan Echave I. izeneko erremonte jokalari ezagunak, Etxezarreta kalean kokatu zuen enpresa. Motorgintza Zumaian indartsu egon arren, enpresa hura 1958an itxi zen, eta urte hartako azaroaren 5eko Erregistro Industrialean ageri denaren arabera, instalazioak Talleres Auxiliares Juaristi, S.A. enpresari saldu zizkion.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Sortu eta bi urtera, 1954ko martxoaren 1ean, jarduera handitzeko baimena eskatu zuen, 6 eta 10 arteko zaldi potentziako barne-errekuntzako motorrak fabrikatzeko; asmoa zen urtean 24 motor egitea.
Itxuraz, ekimen horrek ez zuen oso harrera ona izan, erabat aurkakoa gertatu zen, alegia. BOEan, eskaera publikatu ondoren hiru enpresa aurka jarri ziren, Zumaiako Talleres Beal eta Pasaiako bi. Hala eta guztiz ere, aurkeztutako alegazioei erantzun ondoren, arazoa gainditu eta motorrak fabrikatzeari ekin zion.
Enpresak 8 langile zituen 1954ko martxoaren 1ean, eta beste jarduera batzuetan ere hasi ondoren, 1956an 21 langile izatera iritsi zen. Egiten zituzten motorren aplikazio-esparrua zabaldu nahia argi eta garbi erakutsi zuen oratzeko makina baten planoak egiteak, merkatuan zegoen batean inspiratua; hala ere, azkenean ez zen fabrikatu.