Laburpena: 1885. urtean, Juan Bautista Uriarte Gazteluzarrek, zementu fabrika berri bat eraiki zuen Beduan, Uriartetarren terrenotan. 1895an sozietate komanditario bezala eratu zen Uriarte, Zubimendi y Cía. izenarekin, geroago Cementos Uriarte y Zubimendi, S.A. bihurtzeko. 1946. urtean Corta y Compañía, S.L. fabrikarekin fusionatu eta Cementos Uriarte, Corta y Zubimendi S.A. elkartea sortu zuten. 1954an Agoteko fabrika itxi zuten eta 1972an Beduakoa.

Historia:

1885. urtean, Juan Bautista Uriarte Gasteluzar, abokatuak, (Zumaia, 1855-1909) zementu fabrika bat ireki zuen Beduan, Uriartetarren terrenotan, eta ‘Bedua’, kokalekuaren izena jarri zioten. Kokagune horrek, Urola ibai ertzean egotearen abantaila zuen, eta baita Ibañarrietan Uriartetarrak zituzten harrobien gertutasuna ere.

JuanBautista-1WUrte horretako apirilaren 20an izan zen lantegi berriaren inaugurazio ekitaldia eta eragin haundia izan zuen eguneroko prentsan. Besteak beste, “El Eco de San Sebastian” egunkariak honela zioen: “Gaur goizeko seiretan atera da (Donostiatik) Zumaiaruntz karabana agurgarri bat, Omnibus handi batean, Juan Bautista Uriarte, jabe gazteak eta Zumaiako Alkate denak, Beduan, Urola ibaiaren ondoan, kokatu duen kare hidraulikoaren lantegiaren inauguraziora joateko helburuarekin (..). Uriarte etxearenak diren, eta urte luzetan, Gurruchaga jaun industriari ezagunei alokatuak izan ziren harrobiak ustiatuko ditu lantegi berriak”.

Gonbidatu ugari, lagun, herri agintari, enpresari eta elizgizon, bildu ziren ekitaldian. Bankete onik ere ez zen falta izan inaugurazioaren ondoren, ezta laster inauguratzeko zegoen Getariako errepide berriko zubiak, Uriarteren fabrikari eragin ziezaiokeen kaltearen kexurik ere, Zumaiako portura zementua garraiatzeko ontzientzako traba izan zitekelakoan.

1884an, agintari administratiboak Beduako portua gaitu zuen, lantegi berria eraiki eta ustiatzeko behar ziren adreilu arruntak eta erregogorrak, egurra, kare eta zementua, ikatza, makineria, eta beste hainbat materialen karga-deskargako lanak egiteko.

1893ko apirilaren 1etik, 1895ko irailaren 30a bitartean, Juan Bautista Uriartek, Agustín Barbe Medaill, Gracián Arrizabalaga Echave, Pedro María Urbieta Ostolaza, Francisco Aizpurua Gorriti eta Manuel Arrizabalaga Olidenen kargu utzi zuen fabrikaren ustiaketa, euren artean hitzartutako baldintzetan.uriarte-y-zubimendi-1900_impreso-carta2 Horietako lehenengoa makinista zen eta besteak nekazariak, Zestoako auzotarrak. “Barbe y Compañía” izenarekin aritu ziren, naiz eta inolako sozietaterik gauzatu gabe dokumentu publikoan. Ustiaketaren kontuak garbitzerakoan, 13.533,62 pezetako kitapena izan zen Juan Bautista Uriarteren alde, eta beste bostak, lau sehileko epetan ordaintzeko konpromisoa hartu zuten, “urrezko edo zilarrezko txanponetan, sortuta edo sortzeko dagoen paperezko moneta baztertuz naiz eta derrigorrezko zirkulazioan jarria izan.”

Juan Bautista Uriarte, Beduako fabrikaren jabe eta nagusi bakar bezala egon zen 1895ko irailaren 18an Uriarte, Zubimendi y Compañía izenarekin sozietate komanditarioa eratu zen arte. Juan Bautista Uriartez gain, Zestoako Venancio Zubimendi, Donostiako Carlos Uriarte Laskurain eta Zumaiako Ramon Martiarena Arrillaga izan ziren bazkide, 290.000 pezetako kapitalarekin. Gero, 1922ko apirilaren 28an, Cementos Uriarte y Zubimendi, S.A. elkartean bilakatu zen.

1946ko azaroaren 1ean, Corta y Compañía, S.L. elkartearekin fusioa formalizatu zuten eskritura publiko baten bitartez, elkarteari Cementos Uriarte, Corta y Zubimendi S.A. izen berria jarriaz. Estatutuen idazkera berria egin zuten eta kapitala 1.000.000 pezetetan handitu zen, akzio-jaulkipen batekin, guztira 2.000.000 pezetetako kapital soziala osatuaz. Eskritura berean, Corta y Compañía S.L.-ri esleitu zitzaizkion akzio berri batzuk 526.500 pezetetako bere balio nominalean, eta horien ordainetan, beste ondasun batzuen artean, Ibañarrietako karearrien harrobia,file0531 Agoteko zementu lantegia eta Aizarnako “Sin nombre”, “Porvenir” eta “Porvenir-aumento” lignito meategiak eman zituen. Formalizatu zen dokumentuan jasotzen diren akordioen bidez, Bedua eta Agoteko lantegiak elkarte berean integratuta geratzen dira.

1954an Agoteko fabrika itxi zuten eta 1972an Beduakoa, baina 1998ko uztailaren 3an deuseztatu zen elkartea.

Ezaugarriak eta ekoizpena:

Uriarte, Zubimendi y Compañía elkartea eratzeko eskrituran deskribatzen denez, Bedua Haundi baserriaren, antzinako Beduako Lonjaren hegoaldeko lursail batean, Zumaiatik Oikiarako errepidea eta Urola ibaiaren artean, irlatxoaren parean, eraiki zen lantegia. Jatorrizko eraikinak hiru solairu zituen: behekoan bi biltegi arrunt eta beste bat handiagoa, lurrun-makinarentzako gela, beste bat galdarentzako, lantegiko gauzentzako biltegia eta xehatzeko saila zeuden. Lehenengo pisuan, bi herenak errotak eta ontziratzeko baliabideentzat ziren eta gainontzekoa, bulegoa, logela bat eta zementuaren entsegu eta proben sailaren artean banatua zegoen. Eta bigarren pisua, zatirik haundiena galbaheak eta behin-behineko biltegi batentzat eta gainontzekoa lantegiko arduradunentzako hiru gelako etxebizitza batentzako zen.uriarte-y-zubimendi-1917_fabrica-002

Eraikinaren iparraldean, kiskalketako edo kaltzinatzeko sei labe eta lurrun-galdaren kea ateratzeko adreiluz egindako tximini bat zeuden. Ekialdean, zementua gabarretara ontziratzeko moila zegoen, handik Zumaiako portura garraizatzeko. Lursailaren hedadura osoa 2.728,87 m2-koa zen, horietatik 789,15 m2 fabrikak hartzen zituelarik, 7,40 m2 tximiniak eta 330 m2 labeak.

Galdara, Belleville sistemakoa zen, leherrezinak deitzen zirenetakoa, 12 atmosferara tinbratua eta orduko 630 kilo lurrun lehor ekoizteko ahalmena zuena, eta benetako 40 zaldi potentziko makina eragiten zuen. Hasierako makineria dena Lasarteko A. Echeverria y Ca. lantegian egina zen, Antonio Echeverria ingeniariaren zuzendaritzapean, eta orduko 2.000 kilo harri txikitzeko ahalmena zuen. Fabrika berriaren eraikuntza lanen zuzendaria Felix Barrena, obretako maisua, izan zen.

1895ean hasi eta bi urteren buruan obra oso garrantzitsuak egin zituzten lantegian “(..) Frantzia eta Belgikako zementu fabrika onenetan dauden aurrerapenak ezarriaz bertan”.  Kiskalketako sailarentzako hormigoi armatuzko eraikin berri bat egin zuten, zazpi labeekin, errepidearen beste aldean kokatuta, garai hartako hormigoi armatuzko lanak egiteko sistemarik aurreratuena erabiliz, François Hennebique injeniari frantzes ospetsuaren patentearekin eta Miguel Salaverria, donostiar kontratistaren zuzendaritzapean.uriarte-y-zubimendi-1990_fernando-arzallus-7 Labeen deskarga eremua eta birrintze eta ehotze saila Decauville sistemako burdinbide batek lotzen zituen, errepidea gurutzatuaz, kiskalitako harria bagonetetan garraiatzeko.

Lantegiak lau errota zituen, bi Morel erakoak eta beste bi Smith erakoak. Harriak berriz, kalitate gorenekoak ziren, Frantziako La Ferté herrikoak eta 1,30 metro diametrokoak. Dana markako birfintzeko tutua ere bazuen. Labeen irteerako gunea eta ehotzeko atala, errepidea gurutzatzen zuen Decauville sistemako trenbide batekin zegoen lotuta. Energia beharrak gehitzen joan zirenez, 80 zaldiko baporezko makina sartu zuten eta baita ere 90 zaldiko makina elektriko bat.

Birrintze, ehotze eta bahetze lanak lantegiaren solairu ezberdinetan banatuak zeuden, produktua kangiloien bitartez igotzen zelarik azkenengo pisuan zeuden galbahe eta kalapatxetara, produkzioaren antolaketa bertikal eredu baten arabera.

uriarte-y-zubimendi-1945_fabricaKonponketa lanak egiteko tailer bat ere ba zegoen, tornuak, zulatzeko makinak, sutegia  eta beste hainbat tresneriaz osatua.

Garai hartako “Ingenieria” aldizkari prestigiotsuan honela azpimarratzen zen Beduako lantegiaren garrantzia: “Fabrika hori, garrantzitsuenetakoa eta hoberen muntatuetakoa da, eredutzat hartzeko hainbestekoa”

Beranduago, hainbat eraberritze lan egin ziren. Energía iturri bakar bezala argindarra erabiltzearekin lurrun-makina kendu zen, eta ondorioz tximinia ere bai; lantegiaren eraikinaren hegoaldean pisu bat jaso zen, eta lantegiko arduradunaren etxebizitza lehenengo solairuan kokatu zen, besteak beste.

Zementua ekoizteko behar zen kareharria Ibañarrietako harrobitik 1.400 metro luze zen burdinazko aire-tranbia baten bidez eramaten zen labeetara, urte batzuk lehenago Somorrostrotik ekartzen zuten burdin mea edo minerala Beduako portuko lonjatik Iraetako burdinolara garraiatzeko erabiltzen zen bidea jarraitzen zuelarik.

Ikatza berriz, Aizarnako meategietatik Txiribogara aireko kableen bidez jeitsi eta hortik, idi gurdietan lehenik eta kamioietan geroago, errepidez eramaten zen fabrikaraino. Denboran zehar, Ertxina mendian zeuden hainbat mehategi ustiatu zituzten: “Ascensión”, “Ascensión Aumento”, “San Sebastián”, “San Fermín edo Ibarre Mina” eta “Eustaquia” izenekoak eta 1946a geroztik, Corta y Compañía, S.L.-rekin bat-egin ondoren, baita “Sin nombre”, “Porvenir” eta “Porvenir-aumento” ere.

uriarte-y-zubimendi-1926_proyecto-almacenes-en-el-puerto-6

1926an, Zumaiako portuan, Narrondo ibaiaren eskuin ertzean, biltegi bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten udaletxean, Cementos Uriarte Zubimendi, S.A.ko zuzendari eta ingeniari zen Laureano Aspiazuk egina. Biltegi horrek  garabi-beso bat ere izango zuen itsasontziak kargatzeko. 1928ko ekainaren 14ko Errege agindu baten bitartez  enpresak portuan zuen moila zamaketa lanak egiteko gaitua edo habilitatua izan zen.

Elektrizitatez hornitzeko, berriz, argindar zentral bat zuten, Iraetako Amilibiako ur-saltoaren ondoan, 1898ko apirilaren 19ko kontzesio baten ondoren. 6,14 metrotako altuera zuen ur-saltoak, eta makinen gelan “Picart Pictet” markako turbina bat eta Brown Boveri etxeko alternadore bat zituzten, 100 zaldiko potentzia garatuaz, 2.100 Vko zerbitzu-tentsioarekin. Banaketako sareak bi linea zituen: bata Amilibiako ur-saltotik Beduako fabrikara, eta bestea Beduatik Zumaiako portuko biltegira.Uriarte Zubimendi cargaTB 1

1950ko otsailaren 28an, argindarrez hornitzeko hartune línea bat jartzeko baimena eskatzen dute Industria ministerioko ordezkaritzan “(…) elkarte honena den San Fermin mehatzetik lignitoa garraiatzeko aireko kablea eragiteko (…)”.

Lehenengo urteetan, zementua gabarren bidez eramaten zen Zumaiako portura, marearen igoera aprobetxatuz Beduara utsik joateko eta zementuz kargatuta itzultzeko marea jaisterakoan. Lan horretan aritu zen gabarreroetako bat Manuel Alzibar “Motxa”, izan zen, eta hiru errealeko prezioan ematen zuen zerbitzua.

1897an Donostian, Arte Ederren elkarteak, uztailaren 15tik irailaren 30era bitartean antolatu zuen erakusketan parte hartu zuen enpresak eta zilarrezko dominaz saritua izan zen. 1900ko Parisko Erakusketa Unibertsalean ere aurkeztu zen, eta bertan zilarrezko dominarekin saritua izan zen.

Lantegiak izan zituen ekoizpen datu batzuk:

Año 1904 1907 1910 1913 1916 1929 1930
Tns. 10.500 12.500 10.500 14.800 9.900 14.328 10.191

1935ko urtarrilean 14 langile ageri ziren Cementos Uriarte y Zubimendi, S.A.-ren lantegiaren nominan eta Cementos Uriarte, Corta y Zubimendi, S.A., bihurtu ondoren, 50eko hamarkadaren hasieran, 18 ziren. Aipagarria da langileen jatorriari dagokionez ageri den ezberdintasuna. 1935an langile guztiak hemen ingurukoak baziren, 50eko hamarkadakoen artean berriz, %60a Estatu espainiarreko beste lurralde batzuetatik iritsitako etorkinak ziren.

uriarte-y-zubimendi-planow

]

Oharrak
1. Donostiako liburutegi digitala, “El Urumea” egunkaria, 1885ko apirilak 27, 3. orria.
2. Donostiako liburutegi digitala, “El Diario de San Sebastian”, egunkaria,1884ko abuztuak 16,  2. orria.
3. GPAH24357
4. José Ramón Uriarte Sorianok emandako informazioa.
5. GPAH33738
6. Donostiako liburutegi digitala, “La Voz de Guipúzcoa” egunkaria, 1885ko apirilak 29: Sección local y regional, “Una nueva fábrica”.
7. “Ingeniería” aldizkaria(1908) La Industria del cemento en Zumaya, 317.orria.
8. Burgos Núñez, A. (2009): “Los orígenes del hormigón armado en España”. Ministerio de Fomento, CEDEX-CEHOPU.
9. Revista “Ingeniería” (1908) La Industria del cemento en Zumaya, pag. 317.
10. Mugica, S.: Renteria o casa-lonja de Bedua.  “Euskal Erria” aldizkaria, 1897ko 1. seihilekoa, 72. orrialdea.
11. Z.A.H. Sig.: 319.23.
12. Gaceta de Madrid, Num. 173 1928ko ekainak 28, 1631. orria.
13. Enpresaren dokumentua, 1947. Iturria: Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
14. Enpresaren dokumentua, 1950. Iturria: Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
16. Castell, A.M.: Nueva industria. “Euskal-Erria” aldizkaria, 1897ko 2. seihilekoa. 377-378 orriak.
17. Lasheras Peña, A. B. (2009): España en París. la imagen nacional en las exposiciones universales, 1855-1900, Universidad de Cantabria.
18. Iturriak: Estadísticas Mineras eta Memoria Comercial Cámara de Comercio y Navegación de  Gipuzkoa
19. Zestoako UAH
Donostiako liburutegi digitala, “El Urumea” egunkaria, 1885ko apirilak 27, 3. orria.
Donostiako liburutegi digitala, “El Diario de San Sebastian”, egunkaria,1884ko abuztuak 16,  2. orria.
GPAH24357
José Ramón Uriarte Sorianok emandako informazioa.
GPAH33738
Donostiako liburutegi digitala, “La Voz de Guipúzcoa” egunkaria, 1885ko apirilak 29: Sección local y regional, “Una nueva fábrica”.
“Ingeniería” aldizkaria(1908) La Industria del cemento en Zumaya, 317.orria.
Burgos Núñez, A. (2009): “Los orígenes del hormigón armado en España”. Ministerio de Fomento, CEDEX-CEHOPU.
Revista “Ingeniería” (1908) La Industria del cemento en Zumaya, pag. 317.
Mugica, S.: Renteria o casa-lonja de Bedua.  “Euskal Erria” aldizkaria, 1897ko 1. seihilekoa, 72. orrialdea.
Z.A.H. Sig.: 319.23.
Gaceta de Madrid, Num. 173 1928ko ekainak 28, 1631. orria.
Enpresaren dokumentua, 1947. Iturria: Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
Enpresaren dokumentua, 1950. Iturria: Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
Castell, A.M.: Nueva industria. “Euskal-Erria” aldizkaria, 1897ko 2. seihilekoa. 377-378 orriak.
Lasheras Peña, A. B. (2009): España en París. la imagen nacional en las exposiciones universales, 1855-1900, Universidad de Cantabria.
Iturriak: Estadísticas Mineras eta Memoria Comercial Cámara de Comercio y Navegación de  Gipuzkoa
Zestoako UAH