Laburpena: 1918. eta 1919. urteen artean jarduerari ekin zion itsasontzigintzako enpresa. Egurrezko itsasontziak egin zituen eta dike lehorra edo karenatzeko dikea zeukan. Ontziola horretan egin zuten Nati pailebota, bukaera dramatikoa izan zuena.

Historia: Naiz eta oso urria den zumaiarren artean ontziola honen ezagutza, eta bizitza laburra izan bazuen ere, bere jardunari buruzko erreferentzia ugari azaldu dira. Seguruenik, José Ajuria Tauste, Balenciaga, S.A. enpresaren sortzaileetako bat eta Calixto Yeregui, Yeregui y Compañía enpresako bazkideetako bat –une hartan existitzen zen enpresa, eztanda-motorrak fabrikatu eta arrantza-baporeak konpontzen zituena–, sozietate horretako kide izan ziren. Ajuria, Yeregui y Compañía, “Astilleros Diques Secos”, 1919ko Gipuzkoako Matrikula Industrialean ageri da eta urtebete geroago baja emandakoen artean dago.

Ezaugarriak eta ekoizpena: Urola trenaren moilako adarra egin baino urte batzuk lehenago, eta geroago moilako geltokia izango zen eraikina egin zuten lekuaren parean egon zen ontziola. Bere kokagunea zehazturik dago 1922. urteko plano batean “Dique Seco” bezala,

Dike lehorraren kokagunea Yeregui y Compañia lantegiaren aldameneko lurretan; geroago, Yeregui Hermanos enpresak hartu zituen lurretan, hain zuzen ere. Izen komertziala Astilleros de Zumaya izan zen. Hori ondoriozta daiteke, behintzat, Vida Marítima aldizkarian 1918ko apirilaren 10ean argitaratutako kronika batetik. Kronikaren arabera, une hartan Astilleros de Zumaya izeneko dike lehor bat egiten ari omen ziren, 300 tonatik 500 tonara arteko itsasontziak eraikitzeko, eta sozietatearen izena Ajuria y Compañia omen zen.

Dike lehorra egiteko erabili zen lursaila Agustín Arbillagarena zen, eta Agustinek berak eskatu zuen dikeari uhatea jartzeko baimena. Hala erakusten dute Udalbatzaren bi aktak. 1918. urteko abuztuaren 22ko bilerari dagokion aktan, Arbillagak egindako eskaerari buruz mugapeko Ingeniari Buruaren jakinarazpenaren berri ematen da. Eskaeran adierazten zen Urola ibaiaren ezkerreko ibaiertzean dike lehor bat ixteko uhatea ezarri nahi zutela, dikean egurrezko itsasontziak egiteko eta konpontzeko. Eta irailaren 5eko bileran, Udalbatzak eskaera onartu egin zuen, malekoi edo lubetako pasabide librea eta derrigorrezkoa, bi metroko zabalerarekin naikoa zelako, eta egoera onean mantentzea agindu zion enpresari, handik jendea pasatu zedin, inolako eragozpenik gabe, uhatea zabaltzeko edo erabiltzeko uneetan izan ezik.

Aquilino Elosuak dioenez, “geroago Yeregui Hermanosena izan zen lursailean, Urola ibaira ematen zuen kanal bat zegoen, eta erdian dike bat zeukan, nahi zenean ireki eta itxi egiten zena. Kanal horretan ibiltzen ginen igerian herriko haur asko, garai hartako igerilekua zen.”ajuria-yeregui-y-cia-recreacion-astillero

Nabarmentzeko modukoa da garai hartan Dike Lehor hura Gipuzkoako bakarra izango zela seguruenik. 15 metroko zabalera eta 50 metroko luzera zeuzkan, lehen aipatutako 1922ko planoaren arabera, baina ez dakigu zenbateko altuera zeukan. Horrelako dikeei karenatzeko dike ere esaten zieten.

Dikearen hondarrak Kantauri plazako etxebizitzak egiteko lanetan hasi zirenean azaleratu ziren, baina ez zuen inork lanik hartu argazki batzuk ateratzen eta deskripzio-txosten bat egiten. Eta beraz, XX. mendeko bigarren hamarkadako azpiegitura berezi haren ezaugarriak dokumentatu gabe geratu ziren, eta aukera handi bat galdu zen, Zumaiako industria-ondarearen zati horri buruzko memoria osatzeko.

Ontziolako instalazioetan, dike lehorraz gain, bi isurialdeko teilape bat zeukaten, angelu zuzena osatzen zuela jarria, 35 metroko luzerakoa eta 10 metroko zabalerakoa, eta dikea inguratzen zuen mendebaldeko eta hegoaldeko aldeetatik.

Ontziola horretan, egurrezko hiru itsasontzi egin zituzten, gutxienez: Nati, José Luis eta Ramonín. José Luis eta Ramonín, 13,88 m-ko luzerakoak, 22 tonakoak eta lurrun-makinaz propultsatuak, Pesquerías Asturianas sozietatearentzat egindako arrantza-ontziak ziren.

Nati itsasontzia

Pailebot motakoa zen, eta ontziola horretan uretaratu zuten 1919ko martxoan, Donostiako Vicente Irigoyen armadorearen aginduz egindako ontzia. 300 tonako itsasontzia zen, 30 m-ko luzera, 7,20 metroko zabalera eta 3,50 metroko garaierakoa. 80 zaldiko motorra zeukan, Yeregui y Compañía enpresan egina.Natiren botadura Vida Marítima aldizkariak 1919ko martxoaren 10ean uretaratzeari buruz argitaratutako kronikaren arabera, itsasontzia Veritasek sailkatu zuen eta Elgoibarko apaiz lagunkide José Yereguik bedeinkatu zuen, eraikitzailearen anaiak. Gainera, kronikan ageri zenez, dikeetan bi bapore berriren gilak jarri zituzten, eta handik gutxira, beste bi arrantza-ontzi egin behar zituzten, arrasteko bikote izeneko haietakoak.

Itsasontzia uretara bota zuteneko beste erreferentzia bat Anastasio Arrindaren Euskalerria eta arrantza liburuan agertu zen. Anastasio apaiza, idazlea eta Natiko patroi izandakoaren semea zen, eta liburuan kontatzen duenez, sei edo zazpi urte zituela Zumaiara etorri zen itsasontziaren uretaratzea ikustera: “Karabiñero-etxe-atzeko erriberan iru mastako barkua agertzen zan. Zuria, beladuna. Eder-ederra. Zuri-zuria. «Nati» zuan izena eta bazuan motor-laguntzaille bat ere, portuetatik irten eta sartzeko. Botadura egiteko margodun ikurriñez apaindu zuten beetik-gooraiño…”Nati

Nati itsasontziak amaiera dramatikoa izan zuen. Zenbait hedabidetako albisteetan eta kroniketan ageri denaren arabera, Málagako portuan hondoratu zen 1921eko martxoaren 21ean, astelehen santu egunez. Santanderrera eraman beharreko gasolina- eta petrolio-upelak lehertzean gertatu zen. Istripu hartan erredurak izanda zenbait hilabetez ospitalean egon ziren Eustaquio Arrinda, patroia, eta Francisco Marqués, Antonio Manterola eta Antonio Aizpuru marinelak; marineletako bigarrena 14 urteko zumaiar bat zen.

Anastasio Arrindak ere, lehen aipatutako liburuan, istripua xehetasun handiz deskribatu zuen, ikuspegi ahalik gizatiarrenetik, bere aitak, ontziaren patroiak kontatu zion moduan.natiren-ondoratzea Eustaquio Arrindak ez zuen gehiago nabigatu belaontzietan. 1927. urtean, PYSBE (Pesquerías y Secaderos de Bacalao de España) eratu zen; egoitza Pasaian zeukan eta enpresako lehen kapitaina Eustaquio izan zen. Gutxienez 54 aldiz joan zen Ternuara.

José Manuel Manterola Aizpuruak Baleike aldizkarian 2005eko martxoan zioenez, haren aitak nabigatzen zuen San Telmo kabotajeko belaontziaren patroia Eustakio Arrinda zen, eta San Telmo kalean bizi zen. Datarik zehaztu ez bazuen ere, pentsa daiteke, Nati egin aurretik izango zela. San Telmo belaontzia Zumaian egina zen 1898an, baina ez da ezagutzen egilea.

 

Oharrak
1. GAO, Matrícula Industrial de Guipúzcoa, 1919 eta 1920
2. ZAH, Sig. 781.15
3. BNE, “Madrid Cientifico” aldizkaria, 1918,  949 zk., 178. orria
4. ZAH, Sig. 2842, 175R-177R
5. ZAH, Sig. 2842, 178R-180R
6. Aquilino Elosua Zubimendiren eskuizkribua
7.  Odriozola, L. (2002): “Zumaiako Portuaren azterlan historikoa”, 368 eta 373. orriak
8. BNE, “Vida Marítima”aldizkaria, 1919ko martxoak 10
9. Arrinda, A. (1977): “Euskalerria eta arrantza”. Donostiko Aurrezki Kutxa, 120. orria
10. ABC, Hemeroteka, 1921ko martxoak 22
11.  Odriozola, L. (2002): “Zumaiako Portuaren azterlan historikoa”, 363. orria
GAO, Matrícula Industrial de Guipúzcoa, 1919 eta 1920
ZAH, Sig. 781.15
BNE, “Madrid Cientifico” aldizkaria, 1918,  949 zk., 178. orria
ZAH, Sig. 2842, 175R-177R
ZAH, Sig. 2842, 178R-180R
Aquilino Elosua Zubimendiren eskuizkribua
 Odriozola, L. (2002): “Zumaiako Portuaren azterlan historikoa”, 368 eta 373. orriak
BNE, “Vida Marítima”aldizkaria, 1919ko martxoak 10
Arrinda, A. (1977): “Euskalerria eta arrantza”. Donostiko Aurrezki Kutxa, 120. orria
ABC, Hemeroteka, 1921ko martxoak 22
 Odriozola, L. (2002): “Zumaiako Portuaren azterlan historikoa”, 363. orria