Laburpena: 1917. urte inguruan hasi zuen jarduera, nahiz eta formalki 1920an eratu zen Sozietate Erregular Kolektibo gisa, bederatzi bazkidek osatua. Bi jarduera nagusi izan zituen: lurrunezko arrantza-ontzien eraikuntza eta haien propultsio-sistemak. Enpresaren bizitza nahiko laburra izan zen, bildutako informazioa ez baita 1924tik harago heltzen.

Historia:

1917-garren urte inguruan instalatu zen enpresa hau, Gipuzkoako 1919ko eta Zumaiako 1921eko Matrikula industrialetan agertzen da. Bere jarduera 1920ko otsailaren 29an formalizatu zen, Zarauzko notario Bernardo Zubizarretaren aurrean egindako eskritura publiko bidez, “Talleres Mecánicos del Urola” izeneko Sozietate Erregular Kolektiboa eratuz. Hala ere, merkataritza-eragiketetan, gutun eta telefono bidezko harremanetan erabiliko zen izena “Arrizabalaga, Esnal y Cª” izango zen, eskritura bertan adierazten den bezala.[1]Talleres-Mecanicos-del-Urola-1921_Deslinde-terrenos_plano

Bazkide sortzaileak honako hauek izan ziren: Pedro Arrizabalaga Mendizabal, Venancio Esnal Alberdi, Juan José Zubia Egaña, José Ventura Azpiazu Iribar, Manuel Aizpurua Zubia, Julian Orbegozo Embil, Alejandro Orbegozo Embil, Casto Orbegozo Embil eta Blas Iriarte Aguirrezabal. Lehen bostak Zumaiako bizilagunak ziren, eta beste lauak Azpeitikoak.

Pedro Arrizabalaga, Venancio Esnal eta Julian Orbegozo bazkideek enpresako gerente izaera izango zuten.

Enpresaren kapitala 100.000 pezetako funts batez osatua zen, honako partaidetzekin: %12 Pedro Arrizabalagarentzat, %27 Venancio Esnalentzat, %15 Alejandro Orbegozorentzat, %15 Julian Orbegozorentzat, %11 Juan José Zubiarentzat, %6 José Ventura Azpiazurentzako, %6 Manuel Aizpururentzako, %5 Casto Orbegozorentzat eta %9 Blas Iriarterentzat.

Egoitza soziala Zumaiako Ondartxo parajean ezarri zen. Tailerrak, Arbillagako jute-fabrikaren atzealdearen eta San Telmo kalearen artean kokatzen ziren, alde batetik mareen errota eta bestetik Pasajerokua etxea mugatzat hartuta, Plácido Barrena donostiar peritu agronomoak 1921eko urtarrilaren 30ean lurren mugaketa egiteko erabilitako planoan jasotzen den bezala.[2]

Ez dakigu zehazki noiz amaitu zuen enpresaren jarduera, baina litekeena da 1924. urte inguruan amaitzea, urte horretan bazkideetako batek enpresarekin zuen lotura amaitu baitzuen.Talleres-Mecanicos-del-Urola-Ontzia-eraikitzen

Ezaugarriak eta ekoizpena:

Sorrera-eskrituran jasotzen denez, sozietatearen helburua itsas-makineriaren fabrikazioa eta salmenta, galdaragintza, galdaketa eta ontzi-konponketak ziren. Hala ere, zazpi hilabete geroago Madrilgo “El Mundo” egunkariaren gehigarri berezi batean argitaratutako erreportaje batean, “Arrizabalaga, Esnal y Cª” (Talleres Mecánicos del Urola) enpresari eskainitako orrialde batean, produktu eta zerbitzu sorta hau aipatzen da: itsas-makinak eta galdarak, ontzi-konponketak eta arrantzarako bapore (lurrun ontzi) bikoteak. Eta erreportaje berean azpimarratzen da, enpresak bereziki, bapore bikoteak egiten zituela, 25 eta 150 ZP bitarteko espantsio hirukoitzeko makinekin eta zegozkien galdarekin ornituta.[3]

Ez dugu enpresaren salmenten informazio askorik, 1921eko otsailaren 18ko kontratu pribatu batean jasotako eragiketa bat izan ezik. Kontratu horren bidez, Talleres Mecánicos del Urola enpresak Malagako “Perchelera” sozietatearentzat, ezaugarri berdineko arrantzarako hiru bapore eraikitzeko konpromisoa hartu zuen: kubiertako  luzera 15,50 metro, gilako luzera 14 metro, zubiaren zabalera 3,80 metro eta puntal nagusia 1,90 metro. Ontziei honako izenak jarri zizkieten: “Juana Camacho”, “Francisco Garrido” eta “Dolores Aragón”.Barco-de-pareja-

Ontzi horiek, espantsio hirukoitzeko benetako 25 ZP-ko eta ingeles motako lurrun-makina batez, eta 35 ZP-ko Field motako eta oskol banaketa duen lurrun-galdara bertikal batez hornituak.

Propultsio-sistemak, brontzezko helize bat, popako euskarri duen bozina eta metalezko Delta ardatza.

Hiru ontzien guztizko prezioa 135.000 pezetakoa, epeetan ordaintzekoa: hasieran 10.000 pezeta aurreratu ziren, eta gainontzekoa hileko 3.000 pezetatan.

Ontziak amaitu ondoren, 1921eko uztailaren 2an kontratu pribatu hori eskritura publiko bihurtu zuten Zumaiako notario Fermín San Julianen aurrean, bermeak eta ordaintzeke zegoen zenbatekoaren xehetasunak zehaztuz.[4]Lurrun-makina-triple-expansion-25-HP.

Sozietatea eratu zen egunean eskura zeuden ekoizpen-bitartekoen artean zeuden, besteak beste: tornuak, karrakatzeko makina, zulagailuak, karrakatzeko makina bertikal bat, ardatzak, poleak eta transmisio-uhalak, forja finko eta eramangarria, eta galdaketa-krisola.

Aipatutako erreportajean esaten denez, ontzioletan 40 langile inguru aritzen ziren lanean, nahiz eta datu hori ezin izan den kontrastatu. Tailerrean galdaragintza, forja, mekanizazioa eta doikuntza atalak zeuden, eta Manuel Aizpurua Zubia izan zen galdaragintza ataleko arduraduna; 1921etik 1924ra bitartean egin zuen lan enpresan.[5]

[1] AHPV 2-4506 A350

[2] ZUA 351.12

[3] BNE Hemeroteca digital. El Mundo 1920-10-15

[4] AHPG

[5] Manuel Aizpurua Zubia. Zinpeko aitorpena, 1947-07-02. Arantxa Aizpurua Zinkunegik emana.