Laburpena: 1880. urtean eratzen da Echeverria, Echave y Compañía, sozietate komanditarioa, lau bazkideen artean, zementu hidraulikoa egin eta saltzeko, Auspandegi izeneko lekuan, Zestoako udalerrian. Bost urte beranduago fabrika berri bat eraikitzea erabakitzen dute Txiribogan, bazkide berriei sarrera emanez  Echeverria y Compañía, sortuz, geroago Echeverria Castillo y Compañía, bihurtzeko. Corta y Compañíaren Iraetako lantegia erosi ondoren Cementos Zumaya y Electricidad S.A. bezala eratu zen. XX. mendeko 40 eta 50eko hamarkadetan aldaketak egon ziren Fidel Gurruchaga eta Galo Fdz. Aldana-ren ondoz ondoko sarrerarekin, Txiribogako lantegiaren azken aldian.

Historia:

Meliton Iceta-k Aizarnazabalen izan zuen kare hidraulikoa egiteko lantegiaren aurrekariarekin -1859 erreferentziak daude eta 1869an geldirik zegoen-, 1880ko urriaren 4a izan zen Bilboko Luis Castillo Uribarri, zerratzaileak, Zumaiako Artadi auzoko Miguel Echave Ibarguren, jabeak, Aizarnazabalgo José Vicente Echeverria Ostolaza, tabako-dendariak, eta Zestoako Domingo Azcue Gogorza, gozogileak, Echeverria, Echave y Compañía, sozietate industrial komanditarioa sortu zutenekoa, zementu hidraulikoa egin eta saltzeko. Kapital soziala 10.000 pezetakoa, bazkide bakoitzari 25%a zegokiolarik, eta José Vicente Echeverria eta Miguel Echave izendatuak izan zirelarik zuzendari kudeatzaile bakarrak. 1882ko martxoan bazkide berri bat sartu zen, Baionako Francisco Larribiere, merkataria,  Echeverriak eta Azcuek beraien partaidetzatik emandako %5narekin. 1884ean, Miguel Echave hiltzean, bere alaba Basilia Echave Ecenarrok ordeztu zuen eta, hori adingabea zenez, José María Echave Ibargurenek ordezkatu zuen tutore gisa. Lantegia, Auspandegin kokatu zen Urola ibaiaren eskuin ertzean, Zestoako udalerriko lursailetan, Aizarnazabalekin mugakide.mapa-auspandegi-txiriboga-hiru_0

1885ko martxoaren 6an, zementugintzan “eskala haundiagoan aritzeko” xedearekin, Txiribogan, Auspandegitik gertu, planta berriko beste fabrika bat eraikitzea erabakitzen dute, sozietate komanditario berri bat eratuz Echeverria y Compañía izenarekin, eta hamar urteko iraupenarekin. Horretarako Zarauzko Vicente Uranga Azpiazu, kontratista, eta Zestoako Ascensio Lizaso Otamendi, nekazaria, bazkide berriak sartu ziren eta Francisco Larribiere hil zenez bere alargunak eta semeak ordeztu zuten. Kapital soziala 350.000 pezetakoa da, honela banatua: Luis Castillok %22,50, José Vicente Echeverriak %18, Domingo Azcuek %18, Vicente Urangak %7, Ascensio Lizasok %3, Larribieren alargunak eta bere seme Nicolás Larribierek % 9, eta Basilia Echavek %22,50. Enpresaren administraritza eta zuzendaritza kargurako eta sinaduraren erabilerarako izendatu zen bazkide bakarra Jose Vicente Echeverria izan zen.

Fabrikak, “Verónica” eta “Concepción” izena zuten, Adieraztekoa da, izen horiek Echeverriaren alaba zaharrenaren eta emaztearen izenetatik hartuak izango zirela, Francisca Ventura eta Manuela Concepción baiziren haien izenak.

Sozietatearen hamar urteko iraupen epea bete ondoren Echeverria y Compañía sortu zuten. Honek helbide soziala Aizarnazabalen izan zuen eta aurrekoa bezela komanditarioa izan zen. Bazkideak ere berdinak izan ziren, baina Francisco Larribiere zendu zenez bere alargun Maria Mora Lagoneyte eta bere seme Nicolas Larribierek ordezkatu zuten. Bestalde, Zumaiako Pedro Ignacio Aizpurua Buenecheak, familiaren kontseiluko ahaldun bezela, Basilia Echave adingabea ordezkatu zuenOraingoan, enpresaren administraritza eta zuzendaritza kargurako eta sinaduraren erabilerarako Echeverria, Azcue eta Uranga izendatu zituzten.Echeverria y Cia-Fabrica de TxiribogaW-001

Baina ez ziren hemen amaitu sozietatearen aldaketak. horrela, 1912. urtean, Echeverria, Castillo y Compañía bezala eratu zen bazkide hauekin: Julian Echeverria Echave (José Vicenteren semea) kapitalaren %2ekin, Concepción Echave (bere ama) %12, Margarita y Josefa Antonia haren arrebak %2ekin bakoitza, Luis Castillo Gogorza eta bere 9 anai-arrebak %22,50, Domingo Azcue %18, Miguel Uranga %5, José Antonio Uranga %5, Basilia Echave %22,50, eta Nicolás Larribierek eta bere ama Juana Morak %9. Julián Echeverria, Luis Castillo y Miguel Uranga ziren bazkide kolektiboak. Elkartearen eraikinak, Andrés Arteaga Silva, Marqués de Valmedianorena zen Txiribogako errotan zeuden eraikiak.

Beranduago, 1922aren amaiera baino lehenago Iraetako Corta y Compañiaren fabrika erosi ondoren, Cementos Zumaya y Electricidad S.A. eratu zen. Izen hori, ziurrenik, enpresaren bi negozio motei zor zitzaion: zementugintzari eta argindar ekoizpenari. 1940an Zarautzen zuen egoitza soziala, elkartearen arduradunak han bizi zirelako, eta kapital soziala 815.571,47 pezetetako zen.

Garai horretan, Txiribogako zementu fabrika, argindar zentrala eta alboko lursailak Joaquín Arteaga Echagüe, Infantadoko dukearenak zirenak, Cementos Zumaya y Electricidad S.A.-ri emanak zeuden errentamenduan. 1944ko abenduaren 31an kontratua amaitzerakoan, elkarteak fabrika hura utzi egin zuen Iraetakoarekin jarraituz.  Fidel Gurruchaga Echeverria izan zen Txiribogako lantegia errentan hartu zuena 1945eko urtarrilaren 1etik aurrera.

Gurruchagaren ondoren, hiruzpalau urte geroago, Arroa-beheko Cementos Alberdi, S.A.-rekin lotura zuen Galo Fernández Aldana-k, “Cementos Aldana” izenarekin jarraitu zuen, jarduerari amaiera emanaz 60ko hamarkadaren hasieran.

Cementos Zumaya y Electricidad S.A.-k zementugintzari eutsi zion Iraetan, 1965. urte ingurura arte.

Ezaugarriak eta ekoizpena:

Auspandegin zuten lantegian hasi zituzten jarduerak. Gero, 1885ean, produkzio ahalmena handitzeko, bigarren fabrika Txiribogan eraiki zuten. Biak ere Urola ibaiaren eskuin ertzean kokatuak ziren. Azkenengo hori,  errota zahar baten azpiegituraz baliatuz jarri zen. Horrela aipatzen du Serapio Mugikak 1918. urtean bere “Geografia de Guipuzcoa” obran: “(…) Txiribogatik igarotzerakoan, non hainbat gizon ospetsu sortutako oinetxea dagoen, eta gaur egun zementu fabrika bilakatutako errota  (…)”.

1892. urteko egunkari-artikulu batean, “Industria guipuzcoana”, izenburupean, “Ventura” eta “Concepción” lantegien informazio eta datu interesgarriak ematen ziren:1879-viaje-por-guipuzcoa-al-final-de-su-etapa-foral_1

“Zumaiako portutik zazpi kilometrora, badira kare hidraulikoa erabiliz zementua egiten duten bi fabrika, Chiriboya eta Auspandegui izenekoak; fabrika batetik bestera kilometro bateko distantzia dago, gutxi gorabehera.

Egunean berrogeita hamar bat tona inguru kare hidrauliko egiten dituzte, bien artean, eta 80 tonara ere irits litezke. 120 langile inguruk jarduten dute lanean bi fabrika horietan.

1,70 metroko altuerako eta 0,60 metroko zabalerako, errotarri bertikaleko lau sortak birrindu dezakeen guztia kiskaltzeko behar adina labe dauzkate; errotarriak mugitzeko, 6 metroko ur-jauzi baten indarrak mugitutako turbinak dauzka, 70 zalditik 80 zaldira arteko indarra garatzen dutenak.

Beren meatzeak dauzkate, fabriketatik hiru bat kilometrora, eta lignito bikaina ateratzen dute haietatik. Mineralaren garraioa aireko tranbia baten bidez egiten da, lehen aipatutako ur-jauziaren indarrez baliatuz, eta meatzearen ahotik bi fabriketako labeetara iristen da.

(…) Bere xedapenera ditu hainbat belaontzi, gai horren bidalketak azkarrago konplitzeko (…)

Echeverria y Compañíaren lantegiaz ari zen, eta Txiriboga esan nahi zuen, Chiriboya beharrean. Bordeleko erakusketan zilarrezko dominarekin saritua izan zela ere aipatzen da. Adierazi behar da, enpresak zituen belaontzietako bi “San José” eta “Fortunata” izeneko pailebotak zirela.

Elkarte horrek, Aizarnazabalgo Altunatxiki eta Echave argindar zentralak ere bere barne zituen. Horietako batek, 1896rako, Urola ibaitik 1.500 litro ur segunduko desbideratzeko baimena lortu zuen, horrela argindarra lortu eta gero “aireko kableen bidez zementua fabriketara eta eskatzen zuten inguruko herrietara energia elektrikoa garraiatzeko”.cementos-zumaya-y-electricidad-1960w

Hainbat harrobi erabili zituzten, errentan hartuak, zementua egiteko behar zuten kareharri hidraulikoa edo tuparria ateratzeko. Haietako bat, 1884an, José María Echeverria Echaniz-ena, Aizarnazabalgo“Aldapeta” izeneko lekuan, (…) Auspandegiko fabrikarako edo aurrerantzean errentariak muntatu dezaken beste edonorako (…). Beste bat, 1887an, Duque de Granada de Ega-rena, “Amilibia-haundi” baserriaren lursailetan. Eta gutxienez hirugarren bat, Buskandegi baserriaren inguruan, Iraeta auzoan.

Tuparria kaltzinatzeko behar zen ikatza, lignitoa, San Juan Bautista, Victoria, Santo Domingo, San Mamerto, Santa Cruz eta Petardo meatzetakoa zen. 1883an, Oikiako fabrika ustiatzen zuen Olave y Compañía elkartearekin hitzarmen bat egin zuten horren jabetzakoa zen aire-bidea partekatzeko, Aizarnatik Txiribogara lignitoa garraiatzeko.

Zementu fabrika honek, 1908an, bost labe eta bi harri pare erabiltzen zituen, Morel erako bi errotekin batera. Errota harriak mugitzeko, uraren indarra, 60 zaldikoa eta 50 zaldiko motore elektrikoa erabiltzen zituen; hain zuzen, argi indarren zentralen jabeak ere izan ziren. Urtean 14.000 tona zementu ekoizteko ahalmena zuen zementua Txiribogatik Zumaiara eramateko Urola ibaia zeharkatzen zuten gabarrak erabiltzen omen zituzten.

Denboran zehar, “Zumaya” zementuaren fabrikatzaileek, helburu komertzialekin, eratu zituzten elkarte ezberdinetan parte hartu zuen lantegi honek. 1888an jada, “Sindicato de Cementos rápidos de Zumaya” elkarteko bazkide zen Echeverria y Compañía, “Ventura” eta “Concepción”, bere bi lantegiekin, geroago, 1915an birsortu zuten izen bereko sindikatuan eta 1922 Cementos de Zumaya, S.A.-ren sorreran. Baita ere, parte hartu zuen zementugileek eta banatzaileek, zakuen itzulketa kudeatzeko, 1900. urtea baino lehen eratu zuten “Unión para Envases” erakundean.cementos-de-zumaya-y-electricidad_iraeta-1990_k-etxabe

Hemen sozietatearen lantegien ekoizpenaren datu batzuk:

Urtea

1904

1907

1910

1913

1916

1929

1930

Tonak

7.669

8.556

7.215

8.220

5.270

8.000*

6.619*

* Iraetako lantegia sartuta

Lantegi honek egiten zuen zementu naturala “Echeverria” izenarekin bereizten zen, eta luzaroan mantendu zuen, 1960ko dokumentu batek frogatzen duenez.

Azpimarra daiteke, parrila finkoko labean aireko aglomeratzaile eta aglomeratzaile hidraulikoentzako klinkerra egosteko prozeduraren asmakuntza-patentearen gauzatzea ikuskatzeko, 1954ko irailaren 10ean, Industria ordezkaritzako ingeniariak Txiribogako fabrikara egin zuen bisita. Bertan ikusitakoarekin nahikoa egiaztatutzat jo zuelarik. Patentearen eskaera 1951ko martxoaren 20an aurkeztu zen, José Antonio Polanco Fernández eta Galo Fernández Aldanaren izenean, biak ala biak Cementos Alberdi, S.A.-ri lotuak. Labe horretan egindako klinkerra Arroako fabrika horretara garraiatzen zen, Portland motako zementua egiteko.

Oharrak
1. GPAH 2-4192. Meliton Yzetak Genaro Emparen-eri ahalordeak ematea, Bordeleko J. Verasateguiri 1.284 liberaren ordainketa erreklamatzeko “kare hidrauliko zementuaren bidalketengatik”.
2. Nicolas Soraluce (1870): “Historia general de Guipuzcoa”
3. GPAH24039
4. GPAH 24044
5. GPAH 24357
6. GPAH 2-4467
7. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
8. La Voz de Guipuzcoa egunkarian, 1892ko maiatzaren 27.
9. Ibañez M., Torrecilla M.J., Zabala M. (1990): Arqueologia Industrial de Gipuzkoa, 213.orria.
10. Donostiako Liburutegi digitala, “La Voz de Guipúzcoa”, 1896ko otsailaren 11.
11. GPAH24043
12. GPAH24047
13. GPAH 2-4467
14. GPAH24042
15. Revista “Ingenieria” (1908): La industria del cemento en Zumaya, 318.orria
16. Iturriak: Estadísticas Mineras eta Memoria Comercial Cámara de Comercio y Navegación de  Gipuzkoa
17. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
GPAH 2-4192. Meliton Yzetak Genaro Emparen-eri ahalordeak ematea, Bordeleko J. Verasateguiri 1.284 liberaren ordainketa erreklamatzeko “kare hidrauliko zementuaren bidalketengatik”.
Nicolas Soraluce (1870): “Historia general de Guipuzcoa”
GPAH24039
GPAH 24044
GPAH 24357
GPAH 2-4467
Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
La Voz de Guipuzcoa egunkarian, 1892ko maiatzaren 27.
Ibañez M., Torrecilla M.J., Zabala M. (1990): Arqueologia Industrial de Gipuzkoa, 213.orria.
Donostiako Liburutegi digitala, “La Voz de Guipúzcoa”, 1896ko otsailaren 11.
GPAH24043
GPAH24047
GPAH 2-4467
GPAH24042
Revista “Ingenieria” (1908): La industria del cemento en Zumaya, 318.orria
Iturriak: Estadísticas Mineras eta Memoria Comercial Cámara de Comercio y Navegación de  Gipuzkoa
Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia