Laburpena: Niceto Aranguren Iturbek, 1887an, Narrondo auzoan “San José” zementu fabrika eraiki aurretik, Duque de Granadaren Iraetako fabrika ustiatu zuen, errendamentuan hartuta. Niceto hil ondoren, bere seme-alabetako hiruen artean Esteban Aranguren y Cia. elkarte kolektiboa osatu zuten 1892. urtean. Lantegia, lignito meategiekin batera, José Luis Echaide Olascoaga eta Félix Zufiria Irastorzari saldua izan zen 1903an. 1907 aldera eten zen fabrikaren jarduera.

Historia:

Niceto Aranguren Iturbe, 1825ean Urretxun jaioa, izan zen “San Jose” izeneko fabrika sortu zuena, 1887an, Zumaiako Narrondo auzoan. 1852an, Zestoan ezkondu zen Maria Ana Baeza Errazti getariarrarekin eta 1891an Zumaian hil zen. Aipatzekoa da, bere seme Esteban Aranguren Zumaiako alkatea izan zela 1897 eta 1901 bitartean.

Narrondoko fabrika eraiki aurretik, Niceto Arangurenek errentamenduan izan zuen Granada de Egako Dukearen Iraetako fabrika, 1877tik 1886ra bitartean. Aldi horretan, 1883an zehazki,  zementu hidraulikoaren egileen Liga edo elkartea sortu zen, Arangurenen partaidetzarekin, eta zintzilik zituen konpromisoen artean Iruñeako Komandantziari hiru urtez zementua hornitzekoa zegoen, Ingeniarien Komandantzia izango zen seguruenik.

“San Jose”, zementu fabrika berria eraikitzeko lanak hasita zeuden 1885ko apirilean, Beduako fabrika inauguratu zenean.aranguren-membreteW-001 1886ko martxoaren 15ko Errege Agindu baten bitartez, lortu zuen Narrondon, izen bereko ibaiaren ertzean, zementua gabarretan ontziratzeko tokia, gero Zumaiako portura garraiatzeko. 1887an fundatu zen fabrika.

Niceto Aranguren, 1891ko otsailaren 15ean hil zen eta hurrengo urteko urtarrilaren 2an, bere hiru seme-alabek, Esteban, Eulogia eta Jose Franco Aranguren Baezak, Esteban Aranguren y Compañía sozietate erregular kolektiboa osatu zuten, Francisco Otermin, Zumaiako notarioaren aurrean, 100.000 pezetako kapitalarekin. Horietatik %75 Estebani zegozkionak, %18 Eulogiari eta %7 José Francori. Esan, aipatutako urte horretan, Nicetoren beste bi seme, Antonio eta Félix Ramón izenekoak,  Zapucay meategietan zeudela, Uruguayko Rivera departamenduan.

Esteban Arangurenek, gainontzeko jabeen ordezkaritzan, 1900 urteko maiatzaren 11n Yesos y Cementos, S.A. Bilboko enpresari “San José” fabrika utzi zion errentan bi urterako, beste bi urte luzatzeko aukerarekin. Urte horietan Daniel Basaldua Medina izan zen fabrikaren zuzendari kudeatzailea. Bi urtetara kontratua desengitzat eman zen, baina 1904aren erdialdera arte ez zen aldaketa formalizatu.img_6726-003

Formalizazio hori gauzatu aurretik, fabrika, lignito meategiak eta Usarroako baserria eta lursailak, hori bere argindar instalazioarekin batera, José Luis Echaide Olascoaga eta Félix Zufiria Irastorza, Zestoako auzotarrei saldu zizkioten, 1903ko uztailaren 29an. Ondoren horiei atxiki zitzaizkien Esteban Aranguren eta  Jose Ruiz de Eguino Lizaso, Donostiako abokatua.

1903ko urriaren 5ean Esteban Aranguren hil ondoren, María Dolores Sainz Ortiz, bere alargunak, bere seme-alaben tutorea, Ignacio Villar eta beste bazkideek, adosten dute zementu fabrikaren ustiapenarekin jarraitzea, “Sucesores de Aranguren” izenarekin, elkarte berri bat sortu bitartean. Alargunak, José Ruiz de Eguino eta Félix Zufiria ahaldun izendatzen ditu bere izenean jardun dezaten fabrikaren kudeaketan.

1907 aldera eten zen fabrikaren jarduera.

Ezaugarriak eta ekoizpena:

Niceto Arangurenen testamentuan, “San José” lantegiaren deskripzio labur bat egiten da: “bere eraikina kare eta harrizkoa da, eta teilaz estalia, 1.470 m2ko azalera du eta hirurogei zaldi indarreko Rider sistemako makina bat bere bi galdarekin eta hoientzako lokal on batekin, zementu biltegia, xehatzeko aretoa, eta harria kaltzinatzeko lau labe”, gainera, bazituen “etxetxo berri bat, errepidearen ondoan, behe solairua, bizitzeko solairu bat eta ganbaraz osatua, bertan dagoelarik bulegoa eta orgak pisatzeko baskula, bere bideetako osagarriak eta ontziratzeko kaiarekin, laugarren klaseko portu bezala sailkatua, Narrondoko portua izenareki.”.

Fabrika, 4.130 m2ko ereiteko lur sail batean eraiki zen “(…) Narrondo Torrea baserriaren ondasunetan”, 1884ean Bilboko Mariano Jose Ibarguengoitiari erositakoa. Lursail horren ondoan zegoen Narrondo Torrea baserria, Niceto Arangurenek, 1889an, Bernardo Zubizarretari erosi zion.

Aipatu, Mariano Jose Ibarguengoitia, Bilboko San Anton elizako parrokoa zela eta Zumaiako Jose eta Maria ikastetxea fundatu zuen Francisca Echezarreta Power andrearen ondasunen oinordeko unibertsala.

1888an, “San José” zementu fabrikak lau labe bertikal eta lurrunezko makinaz mugitutako ehotzeko bi errotarri zituen.

Zestoako Olazarraga parajean, Baltzola eta Baltzola-berriko baserrien lursailen ondoan zeuden “La Esperanza” eta “La Esperanza aumento” eta Aizarnako Apategi inguruan, Ertxina mendiaren magalean zeuden “San Isidro” eta “San Isidro aumento” meategiak ustiatzen zituzten zementu ekoizpenerako behar zuten ikatza lortzeko.

Inguruko zementu lantegiak bezala, Ibañarrietako harrobietako tuparria erabiltzen zuten. Horrela jartzen du agerian, 1898ko urtarrilaren 2an, zerbitzuak kontratatzeko emandako eskriturak. Bertan, Esteban Aranguren, Zumaiako Ignacio Echeverria Zubizarreta, eta Zestoako Casimiro Azpeitia Zubizarreta, José Galdona Zubizarreta, eta Luciano, José Agustín eta Francisco Zumeta Arrona, anaiak, izan ziren sinatzaileak eta hau zen azkenengo seien konpromezua “(..) lehenengoaren zementu lantegiak behar zuen harria Ibañarrietako harrobitik atera eta errepidera bertara eraman, seis urtez, kintaleko zazpi zentimo terdiko prezioan”.aranguren-1888_instalacion-expo-barcelona

Arzubiaga baserrian ere bazuten beste harrobi bat, Niceto Arangurenek 1884an José Ibarguengoitiari erositako lursail batean.

Fabrikaren ontziratzeko moilatik Zumaiako portura zementua garraiatzeko hiru gabarra zituzten: Narrondo 1., Narrondo 2 eta Narrondo 3., 26, 13 eta 46 tonakoak, hurrenez hurren. Niceto Arangurenek, gainera, %25eko partaidetzarekin, Debako José Vicente Arosteguirekin batera bi ontzi izan zituen: “Dos amigos” txalupiloa ketxemarin biurtuta eta “Ángela y Pepita”, txalupiloa, 68 eta 67 oineko gilakoak hurrenez hurren.

1888. urteko Bartzelonako Erakusketa Unibertsalean parte hartu zuen. Bertan, neurri erregularreko lau ontzitan erakutsi zituen harri gordina, harri kaltzinatua, zementua kaltzinatzeko lignitoa eta landutako zementua. Ohorezko aipamena merezi izan zuen.imagen-2

1897an Esteban Arangurenek, argindarra ekoizteko instalazio bat egiteko egitasmoarekin, bere kontura eta bere anai-arrebekin batera duen elkartetik kanpo, “(…)  Debako jurisdikzioan dagoen eta Manuel Sainz de Rozas, bere aitaginarrebarena den Usarroa baserriko lursailetan dagoen ur saltoa erabiliz (…)”, “San Jose” fabrikan indar eragile bezala argindarra erabiltzea proposatzen die bere bazkideei, “(…) Corta y Compañía eta  Pedro Gurruchaga zementugilentzat, Arbillaga eta Echaide anaiak ezartzen dituzten prezio eta baldintzetan (…)”; bere anai-arrebengandik baimena lortuaz hartarako.

1900ean, Bilboko Yesos y Cementos, S.A.-rekin egindako errentamendu-kontratuan, zementu fabrikaz gain, Usarroa baserria ere sartzen zen, bere ondasun guztiekin. Errentamenduko baldintzak ziotenez, lehenengo bi urteko eperako errenta 10.000 pezetakoa zen, baina Esteban Aranguren y Compañía izango zen kontratatua zementua fabrikatzeko eta errentamenduan sartzen zen guzia mantendu eta konpontzeko. Gainera, urteko 100.000 zementu zakuko gutxieneko produkzioa egitera, eta ekoizpen guztia elkarte errentariari ematera behartzen zen, beste inori ezer ere saltzerik ez zuelarik, elkarte horren baimenik gabe. Yesos y Cementos, S.A.-kimg_6725w ordainduko zuen prezioa, 69 kiloko zaku bakoitzeko pezeta batekoa zen, Zumaiako portuan itsasontzian jarrita edo trenbidean bagoi gainean.

Gaur egun, Narrondo ibaiertzean geratzen dira aztarna batzuk: tximiniaren zati bat, lantegiaren nabe nagusiaren atal bat eta lehen aipatutako etxetxoa. Bada beste eraikin bat ere,  geroztik egina, “makinistenekoa” bezala ezagutzen dena eta gaur egun habitatua dagoena.


Oharrak
1. GPAH24047
2. GPAH24042
3. Donostiako liburutegi digitala,  “El Urumea” egunkaria, 1885ko apirilak 27, 3. orria.
4. Gaceta de Madrid, 1886ko apirilaren 7ko alean.
5. GPAH24032
6. GPAH24386
7. GPAH24368
8. GPAH24368
9. GPAH24031
10. Baserri horretan jaio zen Elbira Zipitria Irastorza, 1906ko maiatzaren 28an, gaueko ordubatean, Zumaiako bataioen erregistroak dioenez. Euskararen irakaskuntzaren sustatzaileetako bat izan zen eta gerra zibilaren ondoren egindako lanagatik nabarmendu zen. Bere aitak, Jazinto Zipitria Arreguik, “San José” zementu fabrikan egiten zuen lana, eskribiente bezala, erregistro horretan ageri denez.
11. GPAH24031
12. ZAH. Sig. 138.02
13. GPAH 24032
14. GPAH. Francisco Otermin, Zumaiako notarioaren 1898ko urtarrilak 2ko protokoloa,
15. GPAH24031
16. Bustinduy Vergara N. (1888): Guipúzcoa en la Exposición Universal de Barcelona de 1888.
17. GPAH24357
18. GPAH24386. Mardari auzoan kokatua zegoen Usarroa baserria ere errentamendu-kontratuan sartuta  zegoen, beheko errota zuen iparraldean, teilaz estalia eta 35 m2kolursaila hartzen zuena, Errota horren goiko aldean, behekoa izena zuen ur-salto zegoen, 57,50 m2ko lursaila hartzen zuena. Ur-salto horren aldamenean, goiko aldetik, goiko errota zegoen, teilaz estalia, 20,95 m2ko lursaila hartzen zuena, Errota horren goiko aldean beste ur-salto bat zegoen, 210 m2 hartzen zituena.
GPAH24047
GPAH24042
Donostiako liburutegi digitala,  “El Urumea” egunkaria, 1885ko apirilak 27, 3. orria.
Gaceta de Madrid, 1886ko apirilaren 7ko alean.
GPAH24032
GPAH24386
GPAH24368
GPAH24368
GPAH24031
Baserri horretan jaio zen Elbira Zipitria Irastorza, 1906ko maiatzaren 28an, gaueko ordubatean, Zumaiako bataioen erregistroak dioenez. Euskararen irakaskuntzaren sustatzaileetako bat izan zen eta gerra zibilaren ondoren egindako lanagatik nabarmendu zen. Bere aitak, Jazinto Zipitria Arreguik, “San José” zementu fabrikan egiten zuen lana, eskribiente bezala, erregistro horretan ageri denez.
GPAH24031
ZAH. Sig. 138.02
GPAH 24032
GPAH. Francisco Otermin, Zumaiako notarioaren 1898ko urtarrilak 2ko protokoloa,
GPAH24031
Bustinduy Vergara N. (1888): Guipúzcoa en la Exposición Universal de Barcelona de 1888.
GPAH24357
GPAH24386. Mardari auzoan kokatua zegoen Usarroa baserria ere errentamendu-kontratuan sartuta  zegoen, beheko errota zuen iparraldean, teilaz estalia eta 35 m2kolursaila hartzen zuena, Errota horren goiko aldean, behekoa izena zuen ur-salto zegoen, 57,50 m2ko lursaila hartzen zuena. Ur-salto horren aldamenean, goiko aldetik, goiko errota zegoen, teilaz estalia, 20,95 m2ko lursaila hartzen zuena, Errota horren goiko aldean beste ur-salto bat zegoen, 210 m2 hartzen zituena.